Gazte erakundearen prozesu eratzailea (egoeraren azterketa orokorra) - 1. Ponentzia

JUVENTUD
Tools
Typography
  • Smaller Small Medium Big Bigger
  • Default Helvetica Segoe Georgia Times

Egoeraren azterketa deituriko Gazte Prozesuaren lehenengo ponentzia hau gure inguru hurbilari nahiz urruneko egoerari begirada kritiko bat botatzeko baliatuko dugu eta horretarako, sistema kapitalista patriarkarraren logika orokorra ulertzeaz hasiko gara. Ondoren, sistema horiek XXI. Mendean hartzen duten forma zehatza ezagutzera pasako gara eta hala, munduak bizi duen zibilizazio krisiaren testuinguruan kokatuko gara. Zentzu horretan, Europar Batasunak, Frantzia eta Espainiako estatuek eta Euskal Herriak bizi duten egoeraren gaineko irakurketa egingo dugu iraganetik egunotarainoko bidaia eginez. Baina dena ez da atzera begiratzea izango, dena ez da irakurketara mugatuko, eta aurrera begira jarraitu beharreko bide lerroa marrazten ere ahaleginduko gara ponentziaren azken zatian; bai mundu mailari dagokionez, baina baita zehatzago Euskal Herri mailan ere

1.1. SISTEMA KAPITALISTA

PATRIARKARRAREN LOGIKA

Bizi dugun momentu hau sakonean ezagutzeko zailtasun handiak ditugu informazioak bonbardatuak gaituen sasoi hauetan. Sistemak ez dauka informazioaz saturatzea baino modu hoberik desinformatzeko. Hori dela eta, bizi dugun egoeraren gaineko ezagutza egoki bat izateko, munduaren (fisiko eta sozialaren) funtzionamendu orokorrari erreparatu behar diogu eta horretarako, materialismo dialektikoaren oinarriak dira iraultzaileontzako tresna nagusia.

Sarritan filosofia materialistak gauza materialekiko atxikimenduari eta dependentziari erreferentzia egiten diola pentsatzen dugu. Baina ulerkera hau ez da zuzena. Materialismoaren ardatza munduaren azterketa eta ezagutza materian oinarritzea da eta ez aldiz, mundu idealean (zentzu filosofikoan: ongia, egia, jainkoa, beste mundua, ideien mundua, arima...). Errealitatea materiatik abiatzen da eta honen gainean eraikitzen dira bizitza eta ideiak; ez alderantziz.

“Logika dialektikoak mundua etengabeko mugimenduan dagoela dio, gauza guztiak harremanean daude eta kontraesana mugimenduan dauden gauza guzti horien oinarria dela planteatzen du. Etengabeko aldaketa unibertsalak aldaketa sakonak emateko aukera ematen digu.”

Elementu anitzez osatutako mundu materiala, izan naturala zein soziala, mugimendu etengabean aurkitzen da. Harri bat ez da beti harri berdina, haizeak jotzen du, edo urak higatzen du, edo barraskilo batek bere adurra uzten dio...hau da, gainontzeko elementuekin elkarrekintzan dago, etengabeko eraldaketa eraginez. Elementuen arteko lotura, talka, azken batean elkarrekintza, da mugimenduaren motorra.

Logika

Pertsona lurra lantzen hasten denean (ordura arte bildu eta ehizatu egiten du) soberakina agertzen da. Honek iraultza bat suposatzen du: giza-taldeek bizirauteko beharrezkoa baino gehiago dute. Soberakinen agerpenak bere kudeaketa eta jabe izatea dakar. Honekin batera, lan produktiboa bultzatuz, botere harremanetan oinarritutako lan banaketa eta hierarkia soziala ezartzea ahalbidetzen du, sexuen araberako rolen banaketa ezarriz.

Logika honek jendarte antolaketa zuzentzen duenean, interes kontrajarriak dituzten aurkako taldeak sortzen ditu; zapaltzaileak eta zapalduak. Hauen arteko kontraesana (talka) eta elkarrekintza (lotura) etengabeko mugimenduaren funtsa dira. Kontraesanek eramaten dute zapaldua zapaltzaile izatera. Horrela, jendarte honetako (eta oro har, humanitateko) mugimendu nagusiak zapalkuntzek eragiten dituzte, hots, interes kontrajarrietatik sortzen diren pertsona talde batzuek besteekiko duten botere harremanek..

Antolaketa honek forma ezberdinak hartzen ditu historian zehar: feudalismoa, esklabotza,... eta egun bizi duguna, kapitalismoa. Hau, industri iraultzarekin datorrela esan genezake, hau da, soberakina nagusiki produkzio industrialean kokatuz, metatzen den kapital ekonomikoa produkzioaren gainbalioa izanik.

Beraz, gure jendartea ordenatzen eta gidatzen duen sistemaren (alegia, kapitalismoaren) oinarria ez gara pertsonak, ez da bizitza; kapitalaren (lehengo soberakinen) metaketa (jabetza pribatuaz baliatu ahalik eta gehien eskuratzeko) baizik. Sistema honek pertsonon biziraupena bermatzen ez duela aintzat harturik, jendartea indarkeriaren bidez ezarri eta mantendu den logika batean oinarritzen dela ondorioztatzen dugu. Helburua kapitalaren metaketa izanda, sistema kapitalista patriarkarra zapalkuntzan eta esplotazioan oinarritzen da, pertsona lanerako biziz, eta ez bizitzaren mesedetan bizitzeko.

Funtzionamendua

Esan bezala, elementuen arteko etengabeko elkarrekintza eta talka, hots, kontraesanak, dira mundu naturala eta soziala mugiarazten dutenak. Horregatik jendarte antolaketaren kontraesan nagusiak ulertzea eta aztertzea funtsezkoa izango da errealitatea errotik eraldatzeko, mugimenduan eragiteko.

Bizi garen sistema kapitalista eta patriarkar honetan oinarrizko kontraesana lanaren antolaketan eta honen baitan ematen diren botere harremanetan topatzen dugu. Izan ere, funtsean pertsonok bizi ahal izateko lan egin behar dugu. Horrela, kapitalismoaren ezaugarri nagusia merkatuan saldu daitezkeen (hau da, truke-balioa duen produktu, zerbitzu, pertsona...) merkantzien (erabilgarriak izan edo ez, erabilera-balioa) produkzio orokortua eta hauekin lortutako etekina da. Etekina gero eta handiagoa izango da merkantzia produzitzeko beharrezko lanaren balioa gutxituz eta aldiz, merkatuan produktuak duen balioa handituz, hots, gainbalioa. Prozesu honetan agertzen den kontraesana sortutako gainbalioa bereganatzean indartzen da. Nork kudeatzen du sortutako gainbalioa? Nor da horren jabe? Hor dago beste gakoa. Jabetza pribatuaren bitartez, gutxi batzuk produkzio bitartekoen jabe dira, sorturiko gainbalioa eskuratuz.

Oinarria: soberakina. Sistema produktibo batean = plusbalioa. Kapitalismoaren ezaugarri nagusia plusbalioa esku pribatuetan dagoela da.

Baina merkantzien produkziora zuzendutako lana, jendartearen biziraupenerako beharrezkoa den lan guztiaren parte bat baino ez da. Halere, truke-baliorik ez duen lanak, hau da merkatuan saltzen ez denak, ez dauka balio ekonomikorik, nahiz eta erabilera-balio eta eragin ekonomiko handia izan lan horrek. Kontzeptu honek argitzen digu sexuen arteko lan banaketaren zergatia. Patriarkatuak ahalbidetzen du pertsonon lan indarra sortzeko eta birsortzeko beharrezkoa den lana emakumeei egoztea. Horrela, lan hau ez-lana bilakatu dute (etxekoa, ezkutukoa, balio sozialik gabekoa), kapitalak ahalik eta etekin gehien ateratzearen logikari jarraituz: emakumeok ez bagenu egingo, sistemaren eginkizuna izango litzateke eta honek koste ekonomiko handiak ekarriko lituzke.

Bestalde, kapitalaren metaketaren logikari erantzunez, sistema kapitalista patriarkarra herrien zapalkuntzan eta esplotazioan oinarritzen da: inperialismoan. Sistemak herri zapalduak behar ditu kapitalaren mesederako. Botere hegemonikoa duen gutxiengo bat are eta gehiago aberastu dadin, beharrezkoa du gainontzeko herriak esplotatzea kontuan izan gabe hauen jatorri kulturala, herrien burujabetza ukatuz, merkatuen mesedera ezarriz. Batzuk esplotatu eta hustu eta besteak merkatuaren logikaren arabera jardutera behartu. Globalizazioak logika horri erantzuten dio. Hirugarren mundua deiturikoan lehengai eta eskulan merkearekin produzitu, lehen mundua deiturikoan kontsumo basatiaz saldu, eta sortutako zaborra berriz ere hirugarren mundua deiturikora eraman.

Eta azkenik, bada beste zapalkuntza handi bat kapitalaren metatzearen logikan: Amalurraren esplotazioa. Sistema kapitalista patriarkarrak etengabeko hazkundea du helburutzat, eta aldiz gure planetaren lehengaiak eta biogaitasuna mugatuak dira. Produkzio eredu linealak sortzen duen esplotazioak eta hondakinek duten kostu ekologikoa ez da kontuan hartzen, ekonomikoki irabaziak handituz.

Gazteriaz...

Mugimendu nagusienak zapalkuntza izenarekin identifikatu ditugun botere harremanek eragiten dituztela esan dugunean, ez dugu aipatu kontraesan horietan aurkitzen den botere askatzailea.

Kontraesana bi interes kontrajarrietatik sortzen den heinean, bi aurkakoen arteko talka dela esan dezakegu, zaharra eta berriaren arteko talka bezala (aurkako horiek ez dute zertan muturrekoak izan). Zaharra indarrean dagoen egoera da, bere baitan kontraesanak biltzen dituena. Kontraesan hauek, aurkako interesen talkaren bidez mugimendua eragiten dutenez, zaharrak egoera berriak sortzeko gaitasuna dauka. Hau da, aurkakoen talkak indartuz egoera zaharrean dauden kontraesanak gailentzen dira egoera berri bati bide emanez.

Hari horretatik ulertzen da gazte boterearen garrantzia. Nahiz eta modu absolutuan ezin dugun ulertu pertsonen garapenaz ari garelako; zahartze prozesuak buru eskemen zurruntzea dakar. Esperientziak, gauza bertsuak behin eta berriz eta angelu ezberdinetatik ikusteak ezagutza handia ekartzen digu, baina baita gauzak beste era batera ikusi eta ulertzeko ateak itxi ere. Heltzen da momentu bat ezin dugula oineko behatz potoloa ahoan sartu. Beraz, heldu egitearekin mundu ikuskera zehatz baten araberako ezagutza pilatzen dugu, mundu ikuskera hori bera indartuz; jarrera kontserbadorearen hazia.

Garapena eman dadin, sormena esentziala da, guztiz derrigorrezkoa. Sormena, munduarekiko dugun ikuskera da. Gaztea izateagatik ez dugu zertan sormenerako gaitasuna izan. Baina argi dago, gaztetan mundu ikuskera konkretu bat garatu gabe dugula eta horrek gazteoi sormenerako aukerak irekitzen dizkigula. Esperientziaren ondorioz, mundu ikuskera konkretu bat garatzen dugu eta horrek dakar sormena mugatzea, hala ere, landuz gero ez da zertan malgutasuna eta sormena galdu behar. Hala, jendartearen garapenaren bermea unean uneko gazteak gara; gu ezinbestekoak garelako une hori mugiaraziko duten kontraesan berriak ekartzeko.

Gauzak horrela, jendartearen garapenerako bezain derrigorra da gazte boterea, Euskal Estatu Sozialista, euskalduna eta feminista eraikitzeko.

“Irudimena da zuen boterea, hori da zuen jardunaren elementu interesgarriena. Zuek, mundu guztiak bezala, irudimen mugatua duzue, baina zuen nagusiek baino ideia gehiago dituzue. Guk, gure formazioaren ondorioz ideia zehatzak ditugu posible denaren eta ez denaren artean. Irakasle batek esanen du: ‘Azterketak kendu? Inoiz ez. Hobetu litezke, baina kendu ez’. Zer dela eta-hau? Bere bizitza erdia azterketetatik pasa duelako. Langile klaseak sarri imajinatu izan ditu borroka molde berriak, baina beti bizitzen ari zen une zehatzaren araberakoak. 1936an fabriken okupazioa asmatu zuen, hauteskundeetako garaipen bat egonkortzeko eta horri etekina ateratzeko zuen arma bakarra baitzen. Zuek irudimen askoz ere aberatsagoa duzue, Sorbonako hormetan dauden pintadekin frogatu liteke hori. Zuek sortu duzuenak badu zerbait harridura sortzen duena, trastornatzen duena, gure jendarteak sortu duen oro eta dena ukatzen duena. Nik horri, posible denaren espazioaren zabalpena deitzen diot. Ez uko egin horri.”

Jean Paul Sartre.

“Gazte izatea eta iraultzaile ez izatea kontraesana da”

Salvador Allende

 

1.2. TESTUINGURUAREN IRAKURKETA

 

Materialismo dialektikoak ongi azaltzen duen legez, mundu honetako gertakariak ez dira inoiz isolatuak eta gertatzen den oro da beste gertakari baten ondorio. Sarri, sistema kapitalista patriarkarrak gertakariak ateko behatxulotik erakusten dizkigu gazteoi, gauzen ikuspegi hertsia eta lausoa emanaz.

Antzeko zerbait gertatzen da krisiarekin ere. Azken urteetan horrenbeste entzun eta erabili dugun hitza afera ekonomiko soila balitz lez erakutsi digute politikariek, ekonomiako adituek eta hedabideek. Baina ez gaude krisi ekonomiko soilean, kapitalismoa krisiaren sistema baita. Hortik harago, egun zibilizazio krisian edo bizitzaren krisian gaudela baieztatu genezake, krisia estrukturala baita.

Azken finean, bizitza ulertzeko, bizitzeko eta bizitza mantentzeko azken bi mendeetan egon den eredua bera dago krisian. Baieztapen honen gakoa krisiak hamaika aurpegi dituela ulertzearekin ikusiko dugu. Bi aldetako ispiluaren antzekoa da: krisi ekonomikoaren atzean krisi energetikoa, bioaniztasunaren krisia, krisi hegemonikoa, zaintzaren krisia, elikadura krisia, krisi demografikoa, demokraziaren krisia eta abar luzea daude. Eta era berean, krisi horien guztien atzean interes ekonomikoak. Mundua egituratu duen azken 200 urteetako ordenaren zutabe nagusiak kolokan daude: metaketa, garapen lineala, hazkundea (ekonomizista), kontsumismoa...

Azkenean, industria iraultzatik ezagutu dugun produkzio eta bizi ereduaren kontraesanak ageriago daude une honetan, eta gatazka lana-kapitala dikotomiatik harago, bizitza-kapitala binomioan kokatu da, kapitalaren akumulazioaren eta hazkunde etengabearen ereduak heriotzara baitaramate pertsonarekin batera, izadia osoa. Kapitalismo patriarkarrak hartu duen azken formak, neoliberalismoak, kontraesanak bere puntu gorenera eraman ditu.

Zorrean oinarritutako sistema izan da neoliberalismoa. Zorra orain ordaindu ezin dena etorkizunean ordaintzeko atzeratzea da. Lau zor nagusi sailkatu daitezke: finantza zorra, zor ekologikoa, emakumearekiko zorra eta langilearekiko zorra. Hala ere, zor hauetaz gain, aipatzekoak dira gazteriarekiko zorra, edota zor kulturala, besteak beste. Norbanakook zor hauekiko dugun erantzukizuna ahaztu gabe, zorraren gatibu bilakatu da jendartea, zor hori handiagotuz.

Lana-kapitala gatazkaren baitan, teoria marxistaren arabera, jabea, saltzen dituen produktuei etekina ateratzeko plusbalioaz baliatzen da. Plusbalio edo gainbalioa enpresariak langileari bere lan-indarragatik ordaintzen ez dion zatia da, berak irabaziak izan ditzan. Zentzu horretan nagusiak langileari, teorian, dirua zor dio. Baina kapitalismo finantzarioan plusbalio hori beste era batera ere bereganatzen du oligarkiak: orain lan-indarraren “aurrezkiekin” jokatzen dute, kredituarekin.

Finantza zorrarekin, sistema neoliberalak langileriaren egoeraren okertzearen aurrean kontsumoa pizteko baliatu duen trikimailua izan da kreditua. Norbanakoak zein Estatuak, denok bilakatu gara finantza entitateen menpeko. Zordun denaren lehentasuna zor hori kitatzea bilakatzen da eta horrek lan gehiago eskatzen du interesak ere ordaindu behar direlako, lana galtzeko beldurrez bizi da eta azken batean injustizien aurreko desmobilizazioa edo Stockholmeko Sindromearen antzeko zerbait sortzen du hartzekodunarekiko.

Zor ekologikoa txanponaren beste aldea da. Ekonomia produkzioan oinarritzen da, baliabide naturalen ustiatzean oinarritzen den produkzioan. Sistema kapitalista patriarkarraren logikaren arabera hazkundea etengabea eta mugagabea da. Horrek talka egiten du ordea, Lurrak dituen lehengai kopuru mugatuarekin. Egungo Mendebaldeko zibilizazioen produkzio eta kontsumo maila mundu osora hedatuko balitz, Lurra bezalako hiru edo bost planeta beharko genituzke bizirauteko. Aspaldi pasa genuen Planetaren biogaitasunaren langa. Ditugunak baino baliabide gehiago ustiatzen eta zabor gehiegi sortzen ari gara, eta ondorioz, etorkizuneko belaunaldienak izan beharko liratekeen baliabideak xahutzen eta eurentzat izugarrizko aztarna ekologikoa dena, zorretan uzten ari gara.

Garapen jasangarriaren kontzeptua 1987an sortu zenean, “ondorengo belaunaldien garapena eragotzi gabe, jendarte baten ongizatea bermatzen duen eredu ekonomiko-soziala” dela definitu zuen Nazio Batuen Erakundeak (NBE). Gerora argi geratu da orduko hartan zehaztutakoak haizeak eraman dituela, hazkunde etengabearen ametsa gailendu dela. Are gehiago, enpresa multinazional kutsakorrenek ere bere egin duten leloa izan da garapen jasangarria, euren aurpegia zuritze aldera. Gaur esan genezake, “hazkunde iraunkorra” bezalako hitz totemikoak, mundua polikiago deuseztea dakarren eredua direla, gutxiago kutsatzea, epe luzean kutsatzen jarraitzeko. Egun ez da nahikoa abiadura moteltzea, norabidea aldatu behar da, pertsonen eta herrialdeen garapen soziala lehenetsiko duen norabidea hartuz.

Multinazionalen negozio aukera berria “ekonomia berdea” da. Rio+20 goi bileraren ondorioetan zokoratuta geratu den ideia bada ere (AEB eta Txinak norabide honetan jarraitzeko asmoa dute hala ere), izen ponpoxoaren atzean multinazionalen baliabideak euren kontrolpean izateko asmo arriskutsua ezkutatzen du kapitalismo berdeak. NBEk berak onartzen du 2011ko Munduko Txosten Ekonomiko eta Sozialean orain arteko negozio errutinarekin ez dagoela segitzerik, baina horren aurrean ingurumenean sortzen ari garen kaltea teknologiaren bidez (biomasarekin erregaiak sortuz; geoingeniaritzaren bidez atmosferatik CO2a erauziz, eguzki erradiazioak kontrolatuz, euri kopurua handituz; nekazaritza industriala sustatuz...) kontrolatu daitekeela diote. Erroan dago arazoa, beraz: kapitalismo berdeak ez du onartzen planeta finitu batean bizi garela eta beraz hazkunde ekonomikoa ezin daitekeela etengabea izan.

Laugarren zorra, patriarkatuaren ondorio dena, emakumearen esplotazioa da. Sistema patriarkarrak emakumeari esleitu dion zaintzaile rolaren ondorioz, emakumearen zaintza lana ikusezin bilakatu du. Era berean, nahiz eta ustez lan munduan eta mundu akademikoan emakume gero eta gehiago dauden, datuek garbi erakusten dute “boterearen maskulinizazioa” gertatzen dela eta beraz emakumea beti bigarren mailako pertsonatzat hartzen dela. Hau da, nahiz eta emakumea gero eta formatuago egon, ezberdintasunak gero eta handiagoak dira; aukera eta baldintza prekarioagoak ezartzen zaizkiolako.

Emakumearen esplotazioa produkzio eredu kapitalistarentzat zein beharrezkoa den azaltzen duen datu argigarria da Thérèse Clerc-ek ematen duena: “[Frantziako estatuan] emakumeek inon kontabilizatzen ez diren 41 mila milioi etxeko lan ordu egiten dituzte, BPGren inongo kalkulutan sartzen ez direnak. Nekatzen gaituzten 41 mila milioi ordu, gure pentsioa txikiarazten dutenak. Emakumeen erdiak soilik du pentsio osoa, bi heren pobrezia mugaren azpitik daude.”

Honek argi erakusten du, honek guztiak lana-kapitala zapalkuntzatik haragoko eremua hartzen duela eta esplotazio afektibo-emozionala eragiten duela. Egoera hau are larriagoa da emakume etorkinen artean. Oso esanguratsua da mendebaldeko jendartean zaintza lanak emakume etorkinen esku geratzen ari direla, esplotazio egoeran, soldata miserableen truke, kontraturik gabe eta euren etxeetatik urrun. Pobreziaren kateetatik ihesi etorri eta kateetan are gehiago katramilatu. Baina zaintza lanaren katea mundu mailako sare osoa da. Bertoko emakumeak lan munduan sartzen dira eta zaintza lanak emakume etorkinen esku geratzen dira, baina horren ondorioz herrialde zapalduetan beste emakume batzuk are egoera larriagoan geratzen dira zaintza lanak egiten.

Patriarkatuaren indarra eta emakumearen bigarren mailako egoera, sexismoa konfirmatzen duten datuetan azaltzen da. Europan esaterako, ikerketa ofizialen arabera %19ak indarkeria matxista justifikatzen du kasu batzuetan. Emakumea zein bere gorputza esplotaziorako objektu bilakatzen ditu sistema kapitalista patriarkarrak.

Guztiek ere, denbora ebasten digute. Bizitzeko denbora. Batean, zorra ordaintzea lehentasun bilakatzen dugulako, bestean izadiaren etorkizuna hipotekatzen ari garelako edota zaintza lanaren bitartez emakumeari bere garapen pertsonalerako denbora ebasten zaiolako.

1.2.1. SISTEMA KAPITALISTAREN EGUNGO FORMA: NEOLIBERALISMOA............

............................

 

irakurri agiri osoa