Lau gazte absolbitu eta beste seien aurkako zigor eskaera mantentzea eskatu du fiskaltzak

JUVENTUD
Tools
Typography
  • Smaller Small Medium Big Bigger
  • Default Helvetica Segoe Georgia Times

Segikoak izatea akusatuta Hernani eta Urnietako hamar gazteren aurkako epaiketan fiskaltzaren txanda izan da gaur. Lau gazte absolbitu ditu eta beste seien aurkako zigor eskaerari eutsi dio.

Irailaren 18an hasita Segikoak izatea akusatuta Hernani eta Urnietako hamar gazte ari dira epaitzen Espainiako Auzitegi Nazionalean. Gaurkoan, fiskaltzaren txanda izan da.

Honek lau gazte absolbitzea eskatu du, Antton Zabala, Txaber Zabaleta, Mikel Garcia eta Ekaitz Telleria hain zuzen ere. Aldiz, Ekhi Oñate, Asier Olano, Iñogo Alzelai, Aitzol Arrieta, Egoitz Balerdi eta Jon Ezeizaren aurkako zigorra eskatu du, nahiz eta eskaera zazpi eta bederatzi urtetik seira jaitsi.

Datorren astean defentsaren abokatuek euren ondorioak azalduko dituzte.

Epaiketan zehar ukatu egin dute Segiko kideak direnik eta inkomunikazio aldian jasandako tratu txarrak salatu dituzte hainbatek.

Gazte horietako zortzi 2009ko martxoaren 31n atxilotu zituzten eta bost egunez inkomunikatuta eduki zituzten. Gehienek, batek ezik, tratu txarrak salatu zituzten. Zazpi espetxeratu egin zituzten eta beste bat aske geratu zen, fidantza ordainduta. Beste biak beren kabuz aurkeztu ziren Auzitegi Nazionalean; bat aske geratu zen fidantzarik gabe eta bestea kartzelara bidali zuten.