«Segi, tresna gisa, amaitu da, baina guk lanean jarraituko dugu»

JUVENTUD
Tools
Typography
  • Smaller Small Medium Big Bigger
  • Default Helvetica Segoe Georgia Times

x Txomin Catalogne eta Amaia Elixirik. SEGIko KIDEAK

Ezker abertzaleko gazte antolakundea desegitea erabaki dute, tresna gisa amaituta dagoela uste dutelako. Hala ere, gazteen arazoek hor jarraitzen dutela diote, eta lanean segituko dute.

Segi desegin egingo da, tresna gisa amaitu dela uste dutelako. Balioen aldaketak eta legez kanporatzeak zerikusia izan dute horretan. Gazte antolakundeak urteetan egindako lana emankorra izan dela diote, ordea, eta fruituak eman dituela. Argi dute aurrerantzean ere asko dagoela egiteko, eta horretan jarriko dituzte indarrak, Segitik kanpo izanda ere. Hala diote Txomin Catalogne eta Amaia Elixirik: «Gure indarrak emanen ditugu gazte mugimenduan antolatzeko eta borrokatzeko». Ekainaren 24an ekitaldi bat egingo dute Itsasun, 17:00etan, Segi amaitzeko erabakia ekarri duen barne gogoeta mahai gainean jarri eta agur ofiziala egiteko.

Segi bukatutzat ematen duzue. Zergatik?

2009 aldera barne hausnarketa hasi genuen militante guztien artean. Segik bere ildo estrategikoa, gazte estrategia deitzen zaiona, 2003an zehaztu zuen. Ordudanik urte dezente pasatu ziren, eta estrategia hori berriz definitu beharra sumatzen hasi ginen. Urte hauetan guztietan hausnartuta, ondorio nagusietako bat izan da Segi bera tresna gisa amaituta dagoela, hainbat faktore direla medio. Gazte estrategiak muga batzuk jo zituen, eta hainbat faktorek eragin dute: oso epe laburrera markatutako ikuspegia geneukan, ikuspegi estrategikoa galduta ari ginen, legez kanporatzeak ere eragin zuen, eta erantzun dinamika batean sartuta geunden. Segi bera bilakatu genuen helburu, gure helburuak bigarren mailan utzita. Beraz, tresna amaitutzat jo genuen.

Gazte estrategia amaitzen joan zela diozue. Zergatik?

Estrategiak ziklikoak dira. Errealitateari eta momentuko fasearen helburu eta funtzioei egokitzen zaizkie. Tresnak berregokitu egin behar dira. Gure hausnarketarekin ari ginela iritsi zen ezker abertzalearen estrategia aldaketa ere, non berretsi genuen bazela garaia helburuak fase berrira egokitzeko eta fase berri honi begira gazte estrategiaren helburu eta funtzioak zein ziren zehazteko. Hori egiten jakin du Segik hainbat urtetan. Azken hau hiru urteko gogoeta izan da, nazionala, eta herri guztietan militante guztiekin partekatu dugu. Amaitzea ondorioa da. Baina amaitze hori ez dugu bizitzen etsiturik edo porrot bat balitz bezala. Alderantziz, uste dugulako badirela baldintzak eta aukerak beste gazte ezkertiar eta abertzale anitzekin elkarlanean aritzeko zenbait eremutan.

Segik eraldatzen eta moldatzen jakin izan duela diozue. Baina orain, eraldatu beharrean, amaitzea erabaki duzue. Zergatik?

2009an ikusi zen Segi krisi batera iritsita zegoela. Gazteriarekiko amildegi handi bat zegoen, hainbat faktorerengatik. Batetik, gazteriaren ohituretan aldaketa izan zen, orokorrean gizartean aldaketak izan ziren, Segik barne mailan zeukan funtzionamenduak ere amildegi hori handitzea eragin zuen, eta ikusi zen Segik berak izaera konkretu bat zeukala, gazteriarekin egin beharreko elkarlana oztopatzen zuena. Beraz, inongo erreformarik gabe, tresna errotik moztea hobea zela erabaki zen. Eraldaketa handi bat egitea. Helburuak betetzen ez zituenez, tresna hori bertan behera uztea.

Horretan guztian errepresioak ere izango zuen eragina, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Errepresioak eragin du, eta aurpegi askotakoa izan da, gainera. Hegoaldean legez kanporatzeak eragina izan du, eta Iparraldean ere Segiko militanteen kontrako sarekadak izan dira. Errepresioa etengabea izan da. Horrek argi uzten du, halaber, estatuak ahuldade egoera batetik abiatzen zirela. Errepresioa azkeneko tresna da mugimendu bat deuseztatzeko edo zure kontrako mehatxu bat paretik kentzeko. Gauza batzuk gaizki egin ditugu, baina ondo ere egin ditugu, eta horregatik gaude errepresioaren jopuntuan. Esan behar da preso edo ihesean dauden pertsona horien guztien lana ere ezinbestekoa izan dela. Haien ekarpenik gabe ez ginen honaino iritsiko. Gainera, errepresioa ez da Euskal Herriko kontua bakarrik. Mundu guztian, boterearentzat mehatxu diren mugimendu orok, eta gazteriak orokorrean, errepresioa pairatzen dute. 

Espainiako Estatuaren partetik nabarmena izan da errepresioa. Batik bat Jarrai-Haika-Segi auziko epaia Auzitegi Gorenak irmo egin zuenetik. Gazte asko egon dira preso, eta daude, Segikoak izatea egotzita. Eta epaitzeko zain ere badaude zenbait. Horrek klandestinitatean aritzera eraman zaituztete. Zein da horren kostua? Beldurra sortu da?

Beldurra baino gehiago, Segiren jardun politiko eta publikoa mugatzea ekarri du. Jarduera horretan normal aritzea oztopatu dute. Potentzialtasun osoa garatzeko ezintasuna ekarri du. Eta erantzun dinamika batean sartzea denbora guztian.

Bestalde, Segiren jarduna mugatu dute. Baina, eman dituzten kolpe guztiekin ere, ez dute lortu mugimendua gelditzerik. Militante bat baino gehiago kartzelatu dute, ez dakit zenbat lagun epaitu dituzte, baina ez dute lortu eten bat. Errepresioak ez du lortu hori, ideiak menderatzea ez delako batere erraza. Horrek erakusten du Euskal Herriko gazteriak orokorrean duen konpromisoa. Segiko militante izateak azken urteetan kostu bat ekarri du. Baina, hala ere, ez dute lortu mugimendua gelditzea. Eta belaunaldiz belaunaldi, beti batu zaio gazteria.

Ez duzue uste, beraz, mundua aldatzeko gazteriaren gogoa eta errebeldia baretu egin direnik?

Ez dago baretzeko arrazoirik. Euskal Herriaren eta munduaren egoera larria da. Kapitalismoak azkar jotzen du, eta gazteok pairatzen ditugu lehen lerroan krisi hori eta zapalketa hori. Gure eskubideak etengabe urratuak dira, ahots propiorik ez dugu, eta uste dugu badirela arrazoi guztiak karrikara ateratzeko eta ez etxean gelditzeko. Errebeldia horrek zentzua du, eta euskal gazteriak eta ezker abertzaleak aldeztu duten proiektua erabat zilegi da gaur egun, ikusten delako sistemak inposaturiko mugak ageri-agerian direla. Kalera ateratzeko momentua da, alternatibak egiteko eta eraikitzeko. Guk horretan jarraituko dugu aurrera begira.

Munduan ere, ikusten da gazteria dela kapitalismoaren erasoaldi berri honen aurkako motorra. Udaberri arabiarrean, Espainiako M-15 mugimenduan. Latinoamerikan ere borroka asko dira: Txilen, Argentinan... Gazteria errebeldea da, berezko izaera du, eta hor jarraitzen du.

Ez da geroz eta indibidualagoa?

Hortik ere etorri da estrategia berregokitzeko beharra. Gazterian bakarrik ez, gizarte osoan aldaketa handi bat gertatu da 2003tik hona, eta gaur egungo gazte mugimenduaren erronka handietako bat da nola lortu gazte horiek mugiaraztea. Egia da sektore handi batek paso egiten duela, baina beste sektore handi bat badago kontzientzia eduki arren bultzadatxo bat falta zaiona mugitzeko. Gaur egun erronka handiena hor dago, nola uztartu konpromiso maila ezberdinak eta nola lortu gazte horiei borrokarako tresnak eskaintzea.

Krisia ezin da baliatu horretarako akuilu gisa?

Krisi honek agerian utzi du aurreko urteetan amets batean bizi izan garela. Sinetsarazi digute zoriontasuna atxikipen materialekin lortzen dela, baina argi ikusten ari gara banku eta sistemaren menpe bizi garela. Hor dago sistemak berak egin duen lan handi hori, gazteria indibidualizatzera begira. Krisiak begiak irekiaraziko dizkigu, eta aukera bat da lanean jarraitzeko eta benetako alternatibak proposatzeko. Horregatik, 33 urtean aldeztu izan ditugun independentzia eta sozialismoa proiektu gisa inoiz baino beharrezkoagoak dira.

Aldaketa batzuk izan dira gazterian, baina egia da, era berean, gu ohituak gaudela betiko erantzun edo borroka egiteko eredu tradizionalekin. Eta argi eta garbi aldatu da hori ere. Gazteriak jarraitzen du erantzun bat ematen, bere salaketak eta aldarrikapenak egiten, baina beste modu batera egiten du hori. Krisi testuinguru honetan etsipenera jotzeko arrazoirik ez du gazteriak. Gehiago da kalera irten eta horri erantzun bat emateko unea. Gazteria ez dago geldirik, baizik eta jarduteko modua aldatu da. Hor dago etorkizunerako beste erronketako bat ere.

Orain arte Segirekin bat zetozen gazte horiek zer egin behar dute aurrerantzean? 

Segi tresna amaitu dela esaten dugu, baina Segitik pasatu garen militante guztiok gauza bat argi dugu: geroz eta arrazoi gehiago ditugu antolakuntzan eta borrokan jarraitzeko. Orain, gure indarrak gazteriarekin lan egiteko emanen ditugu, ez Segin egonez, baizik eta anitzez gehiago saiatuz aktibatzen geroz eta gazte gehiago. Borrokan jarraituko dugu, ezker abertzaleko militante izaten jarraitzen dugu, eta bat egiten dugu ezker abertzalearen estrategia berriarekin.

Ezker abertzaleko gazteria antolatuko da nola edo hala? Beste mugimendu bat sortuko da?

Segin gure artean zerbait egin genezakeela erabaki genezake, baina gaur egungo erronkei erantzuteko, beharrezkoa dugu Segin ez dauden gazteekin gauzak eraikitzea, eta, horretarako, gu ez gara etortzen gaur erratera zer egin behar duen gazteriak. Eta, aldiz, bai, gure indarrak emanen ditugu gazte mugimenduan antolatzeko eta borrokatzeko.

 

 

«Beti egongo da aldatu beharreko gazte errealitate gordin bat»

O.ELDUAIEN URRUÑA

1979an sortu zen Jarrai. Zuek artean jaiotzeko egongo zineten, baina zein helbururekin sortu zen?

Testuinguru berezian sortu zen. Trantsizio garaia zen Espainiako Estatuan. Ikusten zen gazteria aitzindari zela borrokan, baina konturatu ziren orokorrean gazteen problemak ez zirela lantzen. Jarraik, sortu, eta gazteen problema horiek azaltzea izan zuen aurreneko lana, eta horren inguruan mugimendu oso bat eratzea, ezker abertzalearen helburu estrategiko diren independentzia eta sozialismoaren norabidean.

2000. urtean, Gazteriak taldearekin bat egin zuen, eta Haika sortu zen Kanboko topagunean.

Gazteriak aipatu behar da aurrena. Ipar Euskal Herrian abertzaleak zatikaturik zeudelako sortu zen hura, eta zatiketaren iraunkortasun horrek lanjerrean ezartzen zuelako mugimendu abertzalea. Gazte batzuek erabaki zuten behar zela tresna bat gazte ezkertiar abertzaleak batzeko eta gazteen problemei erantzun bat emateko. Horretarako sortu zen Gazteriak, mugimendu abertzaleari ere bere indarra eman nahirik. Gero, Jarrairekin harremanak egiten ziren, eta geroz eta gehiago gogoetak ere elkarrekin eramaten ziren. Nazio eraikuntzaren estrategia hartu zelarik, gogoeta bakar bat egin zen bi antolakundeetan, eta horrek ekarri zuen, besteak beste, Haikaren hautua egitea. Eta markatzea, ideologikoki, gazteria bat Euskal Herri gisa pentsatzen duena, jakinez bi estatu zapaltzailek asimilazio luzea eraman dutela mendeetan eta, beraz, urrats bat egin behar zuela gazteriak, inposatutako muga hori hausteko.

Aurrenetakoak izan zineten nazio erakunde bat sortzen.

Argi dugu hautu horretan aitzindari izan garela eta bere fruituak ekarri dituela, aukera eman duelako belaunaldi askok Euskal Herri gisa pentsatzeko eta horren araberako planteamenduak egiteko. Hori ez da beti erraza izan, errealitate ezberdin asko daudelako. Hutsak ere egin ditugu. Baina segur dena da erabaki horrek eramaten gaituela gaur egun bilan bat egitera. Ez bagenitu erabaki horiek hartu, ez genituen hutsak egingo eta ez genuen lortuko geroari begirako hobetze edo birdefinizio bat. Hutsak eginda ere, ikasten dugu huts horietatik. Errealitate guztiak ezberdinak dira, kontuan hartu behar dira, baina nazio estrategia batean segituko dugu. Izenak ez du egiten nazio estrategia bat, baizik eta praktikak. Bultzatu behar ditugu eskualde ezberdinetako probintzia bakoitzeko gazteen trukaketak. Elkar ezagutu behar dugu elkarrekin Euskal Herri bat eraikitzeko. Asimilazio handia jasan dugu denok. Oso militantzia kultura ezberdinak daude. Hamaika errealitate daude, bizi-kultura bera ere ezberdina daukagu... hausnarketa hori ere egin beharrekoa da.

Gero etorri zen Segi. Zergatik?

Haika sortu ostean, Amaiur prozesua egin zen, eta hor, Haikak gazte estrategia eta funtzionamendua zehaztu zituen. Handik gutxira, lehenengo sarekada egin zuten Haikako zuzendaritzaren kontra. Hori ikusirik eta Haika legez kanpo utziko zutela aurrez ikusita, lekukoa gazteriari ematea erabaki zuen Haikak, eta handik gutxira, 2001ean Segi sortu zen.

Urte hauetan guztietan gazte asko antolatu dira. Mobilizazio ugari egin dira, gazte topaguneak... Zer balorazio egiten duzue?

Nabarmena da gazte antolakundeak Euskal Herriko askapen prozesuari egin dion ekarpena. 33 urteko ibilbidean hainbat gazte belaunaldik borroka horretara lotzen jakin dute, Euskal Herri aske baten alde lanera. Beti egin izan du lan gazte mugimendu indartsu baten alde. Ekarpen hori nabarmena da, eta Euskal Herriari orokorrean ekarpen handia egin dio. Beti jakin izan du egoera berrietara moldatzen, lehenago edo geroago, batzuetan hobeto eta besteetan okerrago, baina beti jakin izan du moldatzen.

Gazteria eraldaketaren subjektu iraultzaile bat dela kontsideratzen dugu, eta, beraz, aktibatu beharreko sektore bat dela. Ikusten dugu ikuspegi horrek ere bere fruituak ekartzen dituela proiektu politikoaren defentsarako momentuan. Azkenean, hastapenetik aldezten dugun independentziaren eta sozialismoaren proiektu hori iraunkortzea lortu dugu, eta gazterian ere lortu dugu gureganatzea proiektu hori. Indar handia da gazte antolakunde bat, askapen borrokan borroka eta antolakundea ezinbestekoa dela bermatzen duena.

Beste mugimendu batzuekin batera, erakutsi du, halaber, borrokaren premia dagoela. Gauzak eraldatzeko lana egin behar dela eta horrek fruituak ematen dituela. Gazteriarengan bestelako balio batzuk ekarri ditu horrek, elkarlanerako balioa, elkartasunerakoa, taldean lan egiteko jakintza, kolektibo sentimendua... 

Gazte mugimenduaren erronka nagusiak zein dira?

Kontuan eduki behar dugu, eta zibilizazio krisi honekin inoiz baino nabarmenago ikusten da, sistema kapitalistak bere erasoaldirako tresneria guztia daukala. Balio jakin batzuetan, nabarmena da gazteria bera ere asko aldatu dela, haren bizi-joerak eta. Gazteria kapitalismoarentzat kontsumo produktu bat da, guztiz indibidualizatzailea, eta horren guztiaren aurka lan egin izan du antolakundeak. Gazte mugimenduaren erronka nagusietakoa hori da, bestelako balio horietan lan egitea eta horiek hedatzea.

Gazteriari gordinki eragiten dioten problemei erantzutea da erronka nagusia. Beste alternatiba batzuk eraikiz egiten da hori, eta ez bakarrik dagoena deuseztatuz. Bizi-eredu jakin bat eraikiz, balio horietan oinarriturik.

Segik egin du ekarpenik horretan?

Bai, bere mailan bai. Lehen esan den bezala, mugimendu guztiak ziklikoak dira, eta nahiz eta 2008-2009 alde horretan sumatzen hasi ginen ziklo hau amaierara iristen ari zela, aurretik fruituak eman izan ditu. Segiren lana, gazteen problemei erantzun eta independentziaren eta sozialismoaren alde lan egiteaz gain, gazte mugimenduan eragitea eta hura indartzea ere izan da. Loraldi bat sumatu zen hor, 2005 inguru horretan. Gazte mugimendua oso indartsu zebilen, etxebizitzaren inguruko borrokekin, musikan, komunikazioa, sexualitatean... ekarpena hor gelditzen da.

Segi orain amaitzen bada, ez da helburuak bete direlako; helburu horiek hor jarraituko dute. Beti egongo da gazte errealitate jakin bat, eraldatu beharreko errealitate gordin bat. Gaur egun inoiz baino argiago dago gazte problematika jakin bat dagoela eta hori aldatzeko grina badagoela.