Eskoziak, Irlandak eta Herrialde Katalanek osatuko dute Gazte Martxako nazioarteko ordezkaritza

JUVENTUD
Tools
Typography
  • Smaller Small Medium Big Bigger
  • Default Helvetica Segoe Georgia Times

Bihar Saran hasiko den Gazte Martxan Eskoziako Socialist Party, Ógra Sinn Fèin, CAJEI eta Maulets gazte erakundeetako ordezkariak presente izango direla ezagutarazi dute Jalgi Hadi Garaipenera! ekimeneko kideek

Dagoeneko ia dena prest da bihartik aurrera Sara eta Lesaka arteko bidea egingo duen Gazte Martxarako. Gaurkoan, antonlakuntzaz arduratu den Jalgi Hadi Garaipenera! ekimeneko kideek agerraldia egin dute Bilbon, Gazte Martxan parte hartuko duen nazioarteko ordezkaritza aurkezteko.

Gazte ekimeneko eledun Elorri Arinek, zehaztu duenez, Eskoziako Socialist Party-ko gazteak, Irlandako Ógra Sinn Féin gazte antolakundea eta Herrialde Katalanetako CAJEI eta Maulets gazte erakundeek osatuko dute aipatu ordezkaritza. Bi talde katalandarrek ezin izan dute aurkezpenean egon, baina bihar Saratik abiatuko den Gazte Martxan euskal gazteria independentistarekin batera izango direla baieztatu du antolakuntzak.

Arinek azpimarratu duenez, "ez da edonolako delegaritza". Izan ere, "Nafarroaren konkistaren 500. urteurrena betetzen den honetan, Euskal Herria ukatu eta asimilatzen saiatu ziren urteurren honetan, ezin ditugu Europako herri ezberdinetan burujabetza lortzeko darabiltzaten borrokak ikusmiratik galdu".

Horregatik, aukera baliatu eta beren burujabetzaren aldeko pausuak eman dituzten herriotako ordezkariengandik ikasteko parada aprobetxatzeko gonbitea egin du Arinek. Lehen aukera gaur arratsaldean izango da, 18.30ean, nazioarteko ordezkaritza horrek Bilboko 7Katu gaztetxean egingo den mahainguru batean parte hartuko duelako.

Sinn Fèin alderdiko gazte erakundearen ordezkari Kevin O'Harak aurkezpenean adierazi duenez, "prozesu demokratiko honetan, gazteria independentistari gure babesa emateko etorri gara". Gobernu espainolari dei egin dio prozesua bultzatzeko pausuak eman ditzan eta, zentzu horretan, preso politikoen askatzea eta legez kanporatutako erakunde politikoen legeztatzea –tartean Segi gazte erakundea– galdegin du.

Ildo berean mintzatu da, bere aldetik, Andy Bowden Eskoziako Socialist Party-ko gazteen ordezkaria. "Gure kasuan, posible bada erreferendum baketsu, aske eta demokratikoa izatea, ez dugu ulertzen zergatik euskal gizarteak ez duen eskubide hori", nabarmendu du.