Marxoaren 29an ikasleon eskubideen alde mobilizatzera deitu dute

JUVENTUD
Tools
Typography
  • Smaller Small Medium Big Bigger
  • Default Helvetica Segoe Georgia Times

x Ikasle Abertzaleak

Euskal Herriko ikasleok pairatzen dugun egoera jasangaitza da. Berdin da Lapurdin zein Bizkaian, DBHn zein Lanbide Heziketan. Euskal Ikasleon Eskubideen Kartan jasotzen diren eskubideak sistematikoki urratzen dira euskal lurralde osoan eta ikas adar guztietan.

Eskolak ez gaitu euskalduntzen, espainol eta frantses bezala hezten gaituzte, ez dugu adierazpen askatasunik ez eta grebarako eskubiderik, goi mailako hezkuntza elitizatzen eta enpresei saltzen ari dira… amaigabeko urraketa zerrenda egin genezake.

Ikasleak kolektibo bezala gaude zapalduak. Eskola, eta hezkuntza prozesu osoa, ikasleak kontrolpean izateko eta egungo gizartea atzerakoia eta patriarkala mantentzeko daude definituak. Horretarako, ikasleak gaitasunik gabeko umeak bezala gara tratatuak, fabrika bateko produktuak bezala; isilak, obedienteak, akritikoak, mantsoak nahi gaituzte egin. Kolektibo bezala desagertarazi nahi gaituzte, soka lepoan estutzen digute, gero eta estuago, ikasle mugimendua horrela akabatuko dutelakoan.

Soka hori estutzen dabiltza agintari espainol eta frantsesak. Gilles de Robien, Tontxu Campos eta Luis Campoyek ongi dakite zein neurri hartu euskal ikasleria desagertarazteko eta horretan inbertitzen dituzte indar guztiak. Espainol eta frantsesak nahi gaituzte, mantso eta isilak. Eta lan zikin horretan lagun dituzte ehunka zuzendari, errektore eta dekano, ikasleoi praktikan soka estutzen diguten borrero zintzo eta leialak.

Baina ikasleak ez gara kokiltzen. Ikasleok jakin badakigu egoera hau aldatu daitekeela, jakin badakigu ikasleok aldaraziko dugula! Historiak erakusten digu ikasle borrokaren ondarea eta balioa. Mundua mila bider irauli dugu, eta behar hainbat bider irauliko dugu berriz. Ez dute gu akabatzerik oraino lortu, ez dute lortuko, eta jakin behar dute ordainetan odolkiak jasoko dituztela.

Horregatik gaude ikasleak borrokan. Egoera zailenetan ere burua altxa eta etorkizun hobe baten ametsak bizirik mantentzen gaitu. Eskola ilunenetan ere Euskal Eskola Nazionala dugu buruan. Euskaraz egiterik ez dugun fakultateetan unibertsitate euskalduna dugu buruan. Espainiar historiako klaseetan Eneko Aritzarekin amesten dugu.

Eta ametsak errealitate bilakatuz goaz, pausuz pausu. Jai egun arrotzei intsumisioa praktikan gauzatuz, hainbat ikastetxetan Euskal Herriko historia ikasgaia lortuaz, zentruko bizitza euskaldunduz, hormetan kartelak itsastea posible eginaz, greba eskubidea DBHra zabalduz… Ikasle borrokaz errealitate iluna iraultzen gabiltza, ikasle borrokaz Euskal Eskola Nazionala lortzen ari gara!

Eta bide honetan, asko dugu oraindik egiteko. Lubakiak zabalik daude ikastetxe eta fakultateetako gela eta korridoreetan. Eskubide urraketa bat non, han ikasleak, zutik eta tinko. Gure eskubideen berkonkista hasia da iadanik eta ez da sortu geldituko duenik. Ikasle borrokaz lortuko dugu!

Datorren martxoaren 29an ikasleok ikastetxe eta fakultateak hustu eta kaleak hartzera deitzen ditugu. Egun batez ikasle eta abertzale guztiak batu eta agintariei gurekin akabatzerik ez dutela izango argi utzi behar diegu. Ikasle borrokaz eskubideak eskuratuko dugula erakutsiko diegu, inoiz ahaztuko ez duten lezio batez. Dei egiten diogu euskal ikasleria guztiari martxoaren 29an bigarren ordutik aurrera paroak burutu eta eskualde buruetan izango diren mobilizazioetan parte hartzeko.

Ikasle borrokaz lortuko dugu!

Ikasle Abertzaleak

2007 / 03 / 06

http://www.gaztesarea.net